Jesu Kristoren Nekaldia bego beti zuen bihotzetan
Adiskideok: Abendualdiko bigarren kandela piztu dogu, bigarren domeka
“Prestatu bidea Jaunari, zuzendu bidexka hari”.
Zenbat aldiz entzun dogun! Baina lehenean jarraitzen dogu.
Testamentu zaharreko hitzak dira Markos ebanjelariak jasota.
Gure herri malkar eta aldapatsu honetan bide, errepide eta autopistatik ondo serbituta gagoz. Guztiak beharrezkoak izan arren, aldika konpontzearen premia izaten dute, eta kosta egiten da eraikuntza bat zahar-barritzea.
Zertan datza, ba, “prestatu bidea Jaunari”! esaten jakunean?
Prestatu, bakoitzak barrura begiratuz. Pentsatu daigun barruan daramagun zabor pila hori nola kendu edo garbitu behar dogun.
Ikusi daigun zer zelaitu, bardindu, zuzendu behar dogun.
Barrukoa garbitzean, kanpokoa onberatasunez, zuzentasunez, errukiz, hurbiltasunez osatuko dogu… eta, orduan, bai, Isaias profetearen berbak beteko dira: “Kontsola ezazue, kontsolatu nire herria”
Ikus entzule, kontsolamendua opa deutsut eta bizi pozik.